Argiztapen efizientea eraikinetan

Eraikin guztiek eduki behar dituzte beren erabiltzaileen beharrei egokitutako argiztapen-instalazioak, baina aldi berean energetikoki efizienteak direnak

Energia-efizientziarako gutxieneko betekizunak barne-argiztapenean

Eraikuntzaren Kode Teknikoaren HE-3 atalak oinarrizko eskakizuntzat ezartzen du eraikin guztiek (bai berriek, bai birgaitzen direnek) eduki behar dituztela beren erabiltzaileen beharrei egokitutako argiztapen-instalazioak, baina aldi berean energetikoki efizienteak direnak. Horretarako, argiztapen-sistemaren energia-efizientziak ez du mugako balioa gainditu beharko, eta, era berean, pizketa eremuko benetako okupazioari egokitzea ahalbidetuko duen kontrol-sistema bat eduki beharko du, bai eta argi naturalaren aprobetxamendua optimizatuko duen erregulazio-sistema ere.

Ezagut itzazu Eraikuntzaren Kode Teknikoaren HE-3 atalak eta energia aurrezteko oinarrizko dokumentuak eraikinen barneko argiztapen-instalazioen energia-efizientziarako ezartzen dituen gutxieneko betekizunak.

 

Argiztapenean argi naturala aprobetxatzea. Eraikinetako argiztapenean argi naturala aprobetxatzeko gida teknikoa.

Eraikuntzaren Kode Teknikoak nahitaezko egiten du argi naturala aprobetxatzea. Horretarako, kontrol- eta erregulazio-sistemak jarri eta erabili behar dira argi naturalaren ekarpenak hala uzten duen tokietan. Hori dela-eta, lehen proiektugilearen beraren hautua zena, arauzko betebeharra da orain. Sistema horietako batzuk nahiko berriak direnez, eta horiek abiarazteko eta horien prestazioen alderdi asko ezagutzen ez direnez, gida honek, sistema horiek hautatzeko eta diseinatzeko guztian orientatzeaz gain, kudeaketarekin eta mantentze-lanekin zerikusia duen guztian lagundu nahi du.

Gainera, argi naturala eta artifiziala elkarrekin kontrolatzeko eta kudeatzeko sistemen erabileratik atera diren kasu praktikoei eta esperientziei buruzko informazioa ematen du. Hainbat eraikinetan egin dira erabilera horiek, eta horietan aurreztu den energiari buruzko datuak ere ematen ditu.

 

Energia-efizientzia bulegoetako, ikastetxeetako eta ospitaleetako argiztapenean.

Bulegoetako, ikastetxeetako eta ospitaleetako argiztapenaren energia-efizientziari buruzko gida teknikoak. Bulegoetako, ikastetxeetako, ospitaleetako eta lehen arretarako zentroetako argiztapen-instalazioen proiektugileei jarraibide eta aholku zenbait ematea da gida hauen xedea, helburu hauekin:

Kalitateari eta konfort bisualari buruzko gomendioak betetzea.

Instalazioen erabiltzaileentzat atsegina eta erosoa izango den giroa sortzea.

Energia-efizientzia handiagoko instalazioen bidez, energiaren erabilera arrazionalizatzea.