Ur-hornikuntza eta -arazketa

Edateko ura herritarrei hornitzea da gizakiek aurrez aurre daukaten erronka nagusietako bat, baliabide natural hori urria baita egoera edangarrian

Urteekin ur-eskariak gora egin duenez, handituz doan kostu-espirala agertu zaie administrazio publikoei, bai baliabide horren horniduraren kudeaketaren ondorioz, bai ura edangarri egiteko eta arazteko tratamenduen ondorioz. 

Ur-hornikuntza eta -arazketa 

Espainian, gizakiek erabiltzeko ur-horniduraren eskaria pertsonako eta eguneko 160 eta 180 litroren artean dabil. Sektoreko jarduera hazi egin da, eta ez hiriak hazi izanagatik bakarrik, baita hondakin-uren kalitateari eta arazketari buruzko eskakizunak hazi egin direlako eta horren ondorioz Saneamendu eta Arazketarako Nazio Plana sartu delako ere. Plan horrekin, HUAE (hondakin-urak arazteko estazio) ugari abiarazi dira geografia nazional osoan, eta, balioesten denez, Espainiako biztanleen % 95 inguru daude lotuta arazketa-sistemaren batera.  

Guztira, herrialde osoa hartuta, hiriak hornitzeko uraren emaria urtean 3.730 hm3-koa dela balioesten da, eta tratatutako hondakin-uren bolumena 4.450 hm3-koa dela. Bi zenbakien artean aldea dagoela ikus dezakegu; izan ere, hornitzen den ur guztiak HUAErantz bideratutako hustubide batean bukatzen ez duen arren, araztegiak euri-urak eta beste efluente batzuetatik datozen urak ere hartzen ditu. Tratamendu horiekin lotuta dagoen energiari dagokionez, ura hartzeko, hornitzeko eta hirian banatzeko jardueretan, ponpaketan dagoen elektrizitate-kontsumoa 447 GWh/a-koa dela balioesten da, eta, arazketa-jardueran, 2.225 GWh/a-ko elektrizitate-kontsumoa egiten dela.  

Energia-kontsumoaren murrizketa azaltzeko, hornikuntza-sareetan ur-galerak gutxitu direla (ez jada badauden sareak hobetu direlako bakarrik, baita ezkutuko ihesak sistematikoki hautemateko urrutiko kontrol-sistemak ezarri direlako ere), udalerrietako kontsumoetan ur araztuak berrerabiltzen direla (lorategiak ureztatzeko eta kaleak garbitzeko) eta ponpaketa-sistemak hobetu direla (presio-aldaketari eta ur-hornikuntzaren eskariei egokitu baitzaizkie) aipa dezakegu.

Eta, HUAEei dagokienez, urak tratatzeko eta arazteko instalazioak efizientziaren arloan hobetzen ari dira, bai berrikuntza teknologikoarengatik, bai elkartutako instalazio handiagoetarantz multzokatzen direlako emariak. Araztegi txikiek ez dute aireztapena kontrolatzeko sistemarik edukitzen, eta irmotasun mekanikoan egoten da oinarrituta horien diseinua; bada, horren ondorioz, ekipo elektromekanikoek gehiegizko neurriak edukitzen dituzte, eta, horren ondorioz, nahiko handia da araztegi horien kontsumo bateratua (50 kWh/bizt urtean). Araztegi handietan, berriz, diseinua nahiz neurriak optimizatzen dira, baita kontrola ere, 20 - 30 kWh/bizt inguruko energia-kontsumora iritsi ahal izateko urtean.

Itsasoko ura gezatzea 

Gezatzeko teknologia ezberdinek energia-kontsumo ezberdinak edukitzen badituzte ere, Espainiako instalazioen artean alderantzizko osmosia da nagusi. Eta, dirudienaren arabera, joera horri eutsiko zaio etorkizuneko instalazioetan. 

Espainiako ur gezaren ekoizpenari buruzko datu berrienek diotenez, 1,5 eta 2 hm3 arteko ur-ekoizpena egiten da egunean (urteko plubiometriak eragina dauka eskariaren aldakortasunean), dauden ia 1.000 gezatze-instalazioetan. Gutxienez 1,5 hm3 ekoizten direla onartuz, eta osmosi bidez batez beste 4,3 kWh/m3 kontsumitzen direla, eta zifra horri beste 0,6 kWh/m3 gaineratu behar zaizkiola ur-bilketarengatik eta aurretiko/ondorengo tratamenduengatik, guztira 7,3 GWh energia kontsumitzen da egunean, eta 306 MW-ko eskari-potentzia. Urtean 335 egunez 24 orduz ekoizten dela pentsatuz, gezatzeko jardueran 2.460 GWh elektrizitate kontsumitzen da urtean.

Egungo osmosi-mintzak efizientzia handiagoko beste modelo batzuekin ordezkatzen badira, edo errefus-uraren energia berreskuratzen duten egungo ekipoak, turbina motakoak, gatzunaren presioa trukatzen duten kamera isobarikoekin ordezkatzen badira, prozesuaren energia elektrikoaren kontsumoa murriztu ahalko da egungo instalazioetan. 

Horrek ez du eragotziko azpisektore horren energia-kontsumoak hazten jarraitzea, Espainiako udalerriek hazten jarraituko baitute azpiegituretan eta edateko ur-premietan; kostalde mediterraneoko eta irletako udalerrietan, batez ere. 

Ur-instalazioen efizientziarako gida teknikoa. AQUA ESPAÑAk idatzi du gida tekniko hori, eta uraren ezaugarriei nahiz ura ibiltzeko sareen eta instalazioen interakzioei zuzenduta dago, etxeko ur bero edo hotzaren zirkuitu irekietatik hasi eta hozteko dorreetaraino iritsita, tenperatura handiko edo txikiko zirkuitu itxietatik (zoru bero-emaileak) igaroz.