Inicio · Tecnologias · Energias Renovables · Uso Electrico · Eolica · Itsasoko haize energia

Itsasoko haize energia

Itsasoko haize-instalazioek ezaugarri bereizi eta onuragarriak dauzkate, lurreko instalazioekin alderatuz gero

Itsasoko haize-instalazioek ezaugarri bereizi eta onuragarriak dauzkate, lurreko instalazioekin alderatuz gero. Bereziki, hauek:

Itsasoan dagoen haize-baliabidea handiagoa da hurbileko kostaldeetakoa baino.

Itsasoan bertan daudenez, inpaktu bisual eta akustikoa txikiagoa da lurreko haize-parkeena baino. Ondorioz, gehiago aprobetxa daiteke dagoen haize-baliabidea, makina handiagoekin, eta pala-geometria eraginkorragoak erabil daitezke. Era berean, itsasoaren gainazaleko zimurtasuna txikiagoa denez, dorre txikiagoak erabil daitezke.

Eraikuntza-, muntaketa- eta mantentze-faseetan, enplegu gehiago sortzen da, zailagoa baita instalazioak jartzea eta ustiatzea.

Itsas-esparru mistoetan sar daitezke.

Alabaina, lurrekoekin alderatuta, itsasoko instalazio horiek desabantaila handiak dauzkate, beren garapena mugatzen ari direnak: ez dago azpiegitura elektrikorik; ingurumen-baldintzak gogorragoak dira; haize-baliabidearen ebaluazioa konplexuagoa eta garestiagoa da; eta, batez ere, inbertsio-ratio eta ustiapen-gastu handiagoak behar dira. Izan ere, teknologia espezifikoak behar dira eraikuntza egiteko eta zimenduak jartzeko, itsaso zabalean egiten dira garraio- eta muntaketa-lanak, urpeko sare elektrikoak jarri behar dira, eta eragiketa- zein -mantentze-lanak egin behar dira.

Itsasoan dauden aerosorgailuen potentzia bateratua handiagoa da lurreko turbinena baino. Lurrean, orografiarekin eta garraioarekin zerikusia duten mugaketak direla-eta, 3 MW inguruko potentzia bateratuak egonkortu dira aerosorgailuetarako, eta, tokiak hobeto aprobetxatzeari begira, errotorearen diametroa handitzeko joera argia dago; itsasoan, berriz, 5 MW-tik gorako potentzia bateratuak dauzkate itsasoko haize-parkeek (10 MW-ko potentzia duten prototipoak ere badaude).

Munduan (Europako iparraldeko itsasoetan, batez ere) 2016aren amaieran zeuden itsasoko haize-parkeen batez besteko sakonera 25 metrotik beherako da. Salbuespenez, unean-uneko parke komertzialen batek pixka bat gainditzen du 45-50 metroko sakonera, horixe izaki egungo teknologiarako eta Espainian 2020ra arte jarriko diren haize-parke komertzial ia guztien muga batimetrikoa.

Beharbada, zimenduen kostuak murrizteko aferak jarraitzen du izaten itsaso barruko instalazioen erronka handiena. Hainbat zimendu mota daude: pilotajebakarra, tripodea, grabitatekoa eta flotatzailea. Sakonera ertaineko uretan (25 metro arte), pilotajebakarrekoak erabiltzen dira gehien; sakonera txikiko uretan (5 metro arte), grabitatekoak erabiltzen dira, eta, sakonera handiagoetarako (50 metro arte), tripodekoak. Bestalde, inork ez daki aerosorgailuak ur sakonetan jartzeko plataforma flotatzaileak erabiltzea bideragarria ote den merkataritzaren ikuspuntutik begiratuta, baina badago bideragarritasun teknikoa egiaztatu duen instalazio esperimentalen bat.

Energía eólica, aerogenerador