Inicio · Tecnologias · Energias Renovables · Uso Termico · Aerotermia eta Hidrotermia

Aerotermia eta Hidrotermia

Bero-ponpek bildutako energia berriztagarriak

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko apirilaren 23ko 2009/28/EE Zuzentarauak, iturri berriztagarrietatik datorren energiaren erabilera sustatzeari buruzko denak eta 2001/77/EE eta 2003/30/EE Zuzentarauak aldatzen eta indargabetzen dituenak, energia berriztagarritzat hartzen du bero-ponpek bildutako energia, baldintza jakin batzuen pean. Zuzentarau horren 2. artikuluak, besteren artean, beroa trukatzen den ingurunearen araberako definizio hauek jasotzen ditu:

Energia aerotermikoa inguruko airean bero moduan biltzen den energia da.

Energia hidrotermikoa azaleko uretan bero moduan biltzen den energia da.

Beroa foko hotz batetik foko bero batera ponpatzeko gai den makina termikoa da bero-ponpa. Bero-ponpa aerotermikoek eta hidrotermikoek ingurune naturaletik (airetik edo uretatik) hartzen dute beroa, lurrungailuaren bidez, eta eraikin baten barrualdera edo prozesu industrialetara eramaten dute, kondentsadore baten bidez. Itzulgarriak badira, zikloa alderantzikatzen da, eta ingurune naturalera transferitzen da eraikinaren barrualdeko beroa, bultzadaz.

Bero-ponpen barruan, hainbat tipologia bereiz daitezke: elektrikoki eragiten direnak, eredu hedatuena izaki hori, non konpresorea mugitzeko behar den energia motor elektriko baten bidez lortzen den; gasarekin eragiten direnak, non barne-errekuntzako motor endotermiko batek eragiten duen konpresorea, eta termikoki eragiten direnak, non xurgatze-ziklo baten bidez edo konpresio termikoaren bidez aldatzen den hozgarriaren egoera.

Zuzentarauak ezartzen duen energia berriztagarrien kuota zenbatzeko, bero-ponpek hartu duten energia kontuan hartuko da, beti ere, energiaren amaierako ekoizpenak nabarmen gainditzen badu bero-ponpari eragiteko behar den energia primarioaren inputa; hau da, zati bat bakarrik hartu ahalko da berriztagarritzat.