Potentzia handiko haize-parkeak ezinbestekoak dira jatorri berriztagarria duen energiak sistema elektriko nazionalean ekarpen handiagoa egiteari begira. Hala ere, Espainian oraindik ez da aprobetxatu haize-teknologiak energia berriztagarria modu antolatuan emateko duen gaitasuna; bereziki, banaketa-sarearen kontsumo-guneetara lotutakoa, baina energia hori hiriko, erdi hiriko, industriako eta nekazaritzako inguruneetan sar daiteke.
Potentzia txikiko haize-instalazioek ezaugarri propioak dauzkate, eta, haize-instalazio handiekin alderatuta, abantaila gehigarriak ematen dituzte. Adibidez, efizientzia orokorraren potentzial handiagoa dute garraio- eta banaketa-sareetan saihesten diren galerengatik, eta berriztagarriak sortzea ahalbidetzen dute, azpiegitura elektriko berriak sortu beharrik gabe. Gainera, herritarrek energia-efizientzia, autohornikuntza energetikoa eta klima-aldaketaren aurkako borroka hobetzeko orduan parte har dezatela susta dezakete. Hemen abantaila adierazgarrienak:
Kontsumo-guneetatik hurbil sortzen da energia.
Ezarpenak eta kokapenak moldakorrak dira (autokontsumoari lotuta), eta sistema hibridoetan sartzeko aukera dago.
Irisgarritasun teknologikoa ematen zaio azken erabiltzaileari, eta erraza da ekipamenduak garraiatzea eta muntatzea.
Haize neurritsuarekin funtzionatzen dute, bideragarritasun-ikerketa konplexuen beharrik gabe.
Toki txikiak edo orografia konplexua duten lurrak aprobetxa daitezke.
Isolatuta dauden eta sare elektrikotik urrun dauden tokietan elektrizitatea hornitzen dute.
Banaketa-azpiegitura elektrikoen aprobetxamendua optimizatzen dute.
Jarduteko eta mantentze-lanak egiteko kostu txikia dute, eta fidagarritasun handia.
Tamaina txikia dutenez, ingurumen-inpaktu txikiagoa eragiten dute, eta, giza jarduera duten inguruneetan sartuta daudenez, baita inpaktu bisual txikiagoa eragin ere.
Teknikoki, haize-turbina hauen egitura eta handien egitura antzekoak dira, baina askoz ere diseinu sinpleagoa daukate (orientazio-sistema pasiboak, mantentze-lan gutxi behar dituzten sorgailu elektriko sendoak, biderkatzailerik ez...). Funtzionamendu erraza dutenez, oro har, erabiltzaileek beraiek eman diezaiekete arreta instalazio txiki hauei.
Espainian, egun, isolatutako eraikinen autokontsumorako erabiltzen dira aerosorgailu txikiak. Gainera, panel fotovoltaikoak eduki ohi dituzte ondoan. Sistema hibrido txikiak sortzen dituzte, eta, eguzkiaren eta haizearen energiaren konbinazioarekin, hornikuntza elektrikoa bermatzen da. Sistema horiek, nahiko fidagarriak izaki, bateria batzuk edukitzen dituzte. Horietan, energia-soberakina gordetzen da, haizerik edo eguzkirik ez dagoenerako.
Beste aukera bat da energia sortzeko erabiltzea makina horiek, eta sare elektrikora jariatzea gero energia hori. Aukera hori oso gutxi garatu da Espainian; hala ere, hamarkada honetan alda liteke hori, baldintza hobeagoetan.