Ozeanoek energia aurrezteko potentzial handia eskaintzen dute. Hainbat teknologiaren bidez, elektrizitate bihur daiteke potentzial hori, eta egungo energia-premiak asebetetzen lagundu.
Itsas-energien barruan, oso argi bereizitako teknologiak daude, energia-aprobetxamendu motaren araberakoak. Itsas-energien tipologiak azaltzen dira hemen:
Korronteen energia: itsasoko korronteetan dagoen energia zinetikoa aprobetxatzea da. Energia zinetikoaren bihurgailuetan oinarritzen da metatze-prozesua. Aerosorgailuen antzekoak dira bihurgailu horiek, baina, kasu honetan, urpeko instalazioak erabiltzen dira.
Olatuen energia: Itsasoko uraren gainazalaren uhin-mugimenduak eragindako aprobetxamendu energetikoa da. Aireak itsasoaren gainazala urratzen duenean sortzen dira olatuak, eta, beraz, oso irregularrak dira. Horren ondorioz, itsas-energien gailu edo bihurgailu ugari garatu dira, gailuaren bilketa-printzipioaren araberakoak: ur-zutabe kulunkaria (OWC), gorputz flotatzaileak, gainezkabide- edota inpaktu-sistemak eta abar.
Mareen energia: Eguzkiaren eta Ilargiaren grabitazio-ekintzak itsasoko uretan eragiten dituen igoera eta jaitsiera aprobetxatzean oinarritzen da. Marea-energiaren zentral batean, ura urtegi batean biltzen da. Uhateak dituen dike bat eraikiz eratzen da urtegi hori, eta, uhate horietatik, barruan turbinatuko den ura edo emaria sartzen da, badia batean, kala batean, ibai batean edo estuario batean, elektrizitatea sortzeko.
Energia maremotermikoa: itsasoko energia termikoa aprobetxatzean oinarritzen da. Horretarako, itsasoaren gainazaleko uren eta sakoneko uren arteko tenperatura-aldea baliatzen da. Tenperatura-gradientea gutxienez 20º-koa izan behar da. Instalazio maremotermikoek energia elektriko bihurtzen dute energia termikoa, eta "Rankineren zikloa" deituriko ziklo termodinamikoa erabiltzen da energia elektrikoa sortzeko. Ziklo horretan, itsasoaren gainazaleko ura da foku beroa, eta sakoneko ura da foku hotza.
Gatz-gradientearen energia edo energia urdina: itsasoko uraren eta ibaien uraren artean dagoen gatz-kontzentrazioaren diferentziak osmosi-prozesuen bidez sortzen duen energia da.