Biomasa

Landare- edo animalia-jatorria duen materia organikoaren eta berori naturalki edo artifizialki eraldatzetik sortzen diren materialen multzoa da biomasa. Iturri berriztagarrietatik datorren energia erabiltzea sustatzen duen 2009/28/EE Zuzentarauak honela definitzen du biomasa: "jatorria nekazaritza-jardueran (landare- edo animalia-jatorriko substantziak barne hartuta), basogintzan eta horiei lotutako industrietan (arrantza eta akuikultura barne hartuta) duten eta jatorri biologikoa duten produktuen, hondakinen eta hondarren zati biodegradagarria da biomasa, bai eta industriako eta udalerrietako hondakinen zati biodegradagarria ere". Hau da, biomasa oso kontzeptu zabala da, eta basogintzako, nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueretatik datozen hondakinetatik etxeetako eta industrietako hondakinen zati organikoraino hedatzen da, nekazaritzako elikagaien industrien eta egurra eraldatzeko industrien azpiproduktuetatik igarota. Etxeetako eta industrietako hondakinek ezaugarri bereziak dituzte, bai eta tratamendu arautzaile ezberdina ere; hori dela-eta, hondakinen atalean bereizita tratatzen dira.

Hauek dira biomasatik ateratzen diren erregai nagusiak: egurra, ezpalak, pelletak, oliben hezurrak eta fruituen azalak. Moztutako eta txikitutako egurra da, berogailuak edo tximiniak bezalako etxeko tresnetan erabiltzeko prest dagoena, bost produktu horien artean gutxien landu dena, eta, tradizionalki, familia bakarreko etxebizitzetan erabili izan da. Oro har, 15 eta 100 zentimetroren arteko neurria edukitzen du. Jatorria nekazaritzako edo basoko egurrean duen biomasa txikituta ateratzen dira ezpalak, eta birrintze-mailaren araberako tamaina edukitzen dute. Pelletak dira produktu landuena. Zilindro txikitxoak dira, 6 eta 12 milimetro arteko diametroa dutenak eta 10 eta 30 milimetro arteko luzera dutenak. Zerrautsekin, ezpalekin edo erregai gisa erabil daitezkeen beste hondakin konprimatu batzuekin egiten dira. Egurra, ezpalak eta pelletak baino gutxiago erabiltzen dira oliben hezurrak eta fruituen azalak, baina gero eta gehiago erabiltzen diren erregaia dira.

Azken urteotan, biomasaren ahal izugarriaren ustiapena handituz joan den eta biomasarako merkatua egonkortuz joan den neurrian, inplikatutako agenteak eta merkaturatutako bolumenak areagotuz horrekin, erregai mota horien kalitatea estandarizatzeko eta egiaztatzeko ahaleginak handitu dira; ezpalena eta pelletena, batez ere (ISO 17225 arauak). Are, duela gutxiko ikerlanak (BIOMASUD) eta arau espezifikoak daude, besteak beste oliben hezurren eta fruituen azalen hondakinei buruzkoak (UNE-164003 eta UNE-164004 arauak, hurrenez hurren).

Biomasaren ezarpen termikoak, batez ere, galderen, berogailuen eta tximinien bidez egin daitezke. Galdarak dira berokuntza eta etxeko ur beroa aldi berean eman dezaketen ekipo bakarrak; berogailuek eta tximiniek, berriz, logela bat berotu dezakete. Galdarak familia bakarreko etxebizitzetan nahiz edozein tamainako auzokide-komunitateetan jar daitezke, 20 kW-tik 1 MW-ra bitarteko galderak aurki baitaitezke (eta askoz ere neurri handiagokoak, beroketa-sareetarako eta aplikazio industrialetarako edo sorkuntza elektrikoko aplikazioetarako). Adibidez, Espainiako iparraldean dagoen 40 etxebizitzako auzokide-komunitate batean, 400-500 kW-ko galdara batekin asebete litezke berokuntzaren eta etxeko ur beroaren beharrak (kasuz kasu balioetsi beharko litzateke potentzia egokia, komunitatearen kontsumoaren historian oinarrituta). Instalazio horiek inertzia-gordailuak edukitzen dituzte. Horiei esker, galdararen funtzionamendu egonkorra eta egunean zehar aldatzen den bero-eskaria uztartu daitezke. Gainera, galdarak industria-sektorean ere erabil daitezke, bai ur beroa ekoizteko, bai prozesuko lurruna sortzeko. Bestalde, berogailuak eta tximiniak familia bakarreko etxebizitzetan edo merkataritza-lokaletan jartzen dira; berogailuek 8 eta 15 kW arteko potentzia edukitzen dute normalean.

Azken urteotan, garatu egin da galdaren eta berogailuen teknologia, eta, horren ondorioz, automatizazio-maila handiko ekipoak (esaterako, erregaia elikatzeko edo errautsak kentzeko) aurki ditzakegu merkatuan, duela urte batzuetako ekipoek baino igorpen-maila askoz ere txikiagoak dituztenak.

Beroketa-sareak oso aukera interesgarria dira; izan ere, efizientzia energetiko handia daukatenez eta eskalako ekonomiak aprobetxatzen dituztenez, erabiltzaile gehiagorengana iristea ahalbidetzen dute. Espainian badira beroketa-sare horiek; 400 kW-ko potentzia eta ehunka hodi metroko instalazioak daude, adibidez, udalen eta partikularren hainbat eraikini zerbitzu ematekoak (hala nola, El Atazarreko Udalaren sarea, Madrilen), baina baita 15 MW-ko potentzia eta 10 kilometroko sarea dutenak ere (besteak beste, Sorian, Mostolesen eta Valladolideko Unibertsitatean daudenak).

IDAEk hainbat programa dauzka egoitza- eta industria-sektorean biomasa erabiltzen laguntzeko (BIOMCASA II, GIT, PAREER-CRECE).

Azkenik, komeni da gogoraraztea biomasa mugitzeak ez dakarrela erregai berriztagarria eskuratzea bakarrik, CO2ren igorpenei dagokienez neutroa eta Espainiatik kanpo inportatzen diren erregai fosilen prezioarekin lehiakorra hori; izan ere, funtsezko zeregina dauka Espainiako mendien kudeaketa hobetzeko eta landa-eremuen garapen sozioekonomikoa handitzeko orduan.

no-alt
no-alt
no-alt
no-alt
no-alt
no-alt
no-alt